2012/10/24

Hurrengo igandean neguko ordutegia jartzeko erlojuak ordu bete atzeratuko dira

Erik LEJARDI OLABARRIA

Urtero legez 1981tik urriko azken igande honetan erlojuek ordu bat atzera egingo dute, goizeko hiruretan ordu biak izango dira. Honek esan nahi du ordu bete gehiago izango duela igandeak. Orain normaltzat hartzen den arren, udako eta neguko ordutegien aldaketa hau ez da beti gaur egun ezagutzen den bezalakoa izan. Energiaren aurrezpenaz gain, gizakien eguneroko bizitzan eragina duela aspaldi frogatua izan da.
 
Ordu aldaketaren ideia edo ezagutza bazegoen jadanik XX. mende hasieran, baina ez zen leku guztietan egun berdinean eta ordu berdinean egiten. Adibidez, Gerra Zibil garaian Espainian ordu aldaketak bandoaren arabera egiten ziren, hau da, Nazionalek eta Errepublikarrek ez zuten sistema berbera erabiltzen. Baina gaur egun ezagutzen den moduan, ez zen egin 1974ra arte. Urte honetan hainbat estatuk, Petrolioaren krisia zela eta, eguzkiaren energia gehiago aprobetxatzea erabaki zuten, eta honen efektua nolabait gehitzeko ordutegia aldatzea erabaki zuten, horrela eguzki ordu gehiago izanez.

Urte honetan lehen aldiz egin zen arren, zazpi urte geroago legeztatu ziren ordu aldaketaren neurriak Europar Batasun osorako. 1981etik aurrera, legez eta Europar Batasuneko estatu guztiek martxoaren azken igandean aurreratu egin behar dituzte erlojuak eta urriaren azken igandean atzeratu.
 
 
 
 

2012/10/21

Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikak 7 urte beteko ditu

Maider LETURIAGA ANGOITIA
 
Datorren urriaren 31ean ZarauzkoPutzuzulo Amets Fabrikak bere zazpigarren urteurrena ospatuko. Hori dela eta, Xakela Gaztetxe Asanbladak egitarau zabala eskainiko dio herriari azaroko hilabete osoan zehar. Aurtengo lema garbi izan dute zein izango den bertako kideek: "7 urte, 7 pekatu, 7 bizitza... eta eredu bakarra autogestioa". Musika kontzertuak, bazkari herrikoiak, hitzaldiak, antzerkia eta beste zenbait ekimen eskainiko dituzte; "gure helburua herrira zabaltzea da, herri guztiari begira ekimen anitzak egitea" izan ziren Xakelako kideek asanbladan esandako hitzak. Horregatik, era eta mota guztientzako ekintzak ematen saiatuko direla berretsi zuten.
Puntu garrantzitsu bezela, auzolanaren garrantzia azpimarratu zuten gaztetxeko antolatzaileek. Putzuzulo okupatu zutenean izan zuten filosofia eta ereduari jarraituz, ezinbestekotzat jo baitute auzokideen partehartzea. Honen harira, urriaren 27an Zarauzko Poligono auzoko bolatokia deia luzatu die Xakela Gaztetxe Asanbladak.
Bestetik, zenbait ikastaro egiteko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek ere. Honela, azaroaren 13an "Olioa erregai" ikastaroa izango dute, eta azaroaren 15ean sendabelarren inguruko ikastaroa. Jakiek ere izango dute bere protagonismoa hilabetean zehar, honela hilabeteko lehen ostegunetarako duten ohiturei jarraituz jantoki beganoa izango dute bertara hurbiltzen direnek, baita etxeko zerbeza bereziak dastatzeko aukera ere. Ondoren, magia ikuskizuna eskainiko zaie afari giroa misterioz betetzeko asmoz.

"Haurrak ere gure egitarauan protagonismoa izatea nahi dugu - azpimarratu zuten asanblada kideek - horregatik, beraientzat ere egun berezia prestatu dgu antzerki eta txokolatadarekin". Bestalde, herriko musikari finenek ere urriaren 31ean euren talentua erakusteko aukera izango dute bertsio gabean; eta kantatzeko gogoz geratzen denak ere azaroaren 16an kantu afarira gerturatzeko parada ere izango du.

Kontzertuei dagokienez, honako talde hauek etorriko dira Amets Fabrikara, hurrenez hurren; Andoaingo InorenEro Ni post rock taldea eta Orioko Can't Explain taldea. Loretxu eta Fan & Go berbena taldeak; Criatura, Necesidad de Luchar, Bar Remigio eta BAF talde punk-hardcoreak; ElektroGaua festan zenbait DJ; Action Beat ingelesak eta Colin.L amerikarra, besteak beste.

Xakela Gaztetxe Asanbladako kideek, herritarrei azaroan zehar bertara gerturatzeko gonbita egin die herritarrei. "Eskaintza zabala ekarri dugu gurera, eta jende asko eta mota askotakoa gerturatzea espero dugu" esan zuten asanbladan. Esan bezela, urriaren 31ean hasiko den Putzuzulo Amets Fabrikaren zazpigarren urteurrenak azaroaren 25ean izango du bere amaiera.

Putzuzulo Gaztetxeko iazko urteurreneko irudiak

Sestaoko igeriketa eta waterpolo klubak bideo bat sortu du kide berriak erakartzeko


Gorka LOPEZ ARANTZAMENDI


Sestaoko igeriketa eta waterpolo klubak iragarki estiloko bideoa hautatu du kide berriak erakartzeko. Waterpolo taldeko entrenatzaile den Eduardo Hurtadok adierazi duenez mezua da Mi primera vez bideoa berritzaile egiten duena: “talde askok egin dute promozio bideoren bat, baina beti enfokatzen da atletak sortu eta markak hausteko gaitasunera, honetan talde lana eta esperientzia aldarrikatzen dira”. Horrez gain, bideoaren helburuak bete direla ere gehitu du Hurtadok: “klubaren etapa berria ezagutaraztea, haren kirol proiektu berria islatzea, eta estatu mailan presentzia handitzea lortu da, ekintzaren xede nagusia osatuz”.

Bideoaren aurkezpena duela bi aste egin zuten arren, harekin lotura duen komunikazio proiektu handiagoa hasi besterik ez dela egin azaldu du entrenatzaileak. “Klubaren izaera aldatu nahi da, kirol entitate hutsa izatetik heziketa barneratzaile, sozial eta emozionala sustatuz; eta horrela Euskal Herri zein estatu mailan erreferente bilakatuz” adierazi du valladolidtarrak. Hori posible egiteko, sare sozialetako presentzia handitu, ekipamendua berriztu, eta klubaren izaera indartzeari ekin diote. “Proiektu hau eskola ezberdinetan bideoaren bitartez aurkezteko asmoa ere badaukagu” esan du Eduardo Hurtadok.

Hurtado izan zen hain zuzen bideoaren ideia izan zuena. “Hasiera batean jendeak zalantzak izan zituen, baina taldeari ekarriko zizkion onurak kontuan harturik errez onartu zuten” gehitu du entrenatzaileak. Klubak argi izan zuen hasieratik itxura profesionaldun bideo bat nahi zuela, hortaz Mikel Rueda zine zuzendariarekin elkar lanean aritu ziren proiektua gauzatzeko. “Berari ere baliagarria zitzaion zerbait egitea zen ideia, baliabide gutxirekin baina emaitza onduna” adierazi du Hurtadok. Planteamenduari egokia deritzo klubaren idazkari den Beñat Lopezek: “Krisi garaia dela eta taldekide batzuk jokatzen uztekotan ere egon direla kontuan harturik, aproposa da ezer garestitu gabe kluba ezagutaraztea”.

Vimeo, Youtube eta Facebook moduko teknologia berriek doako hedapen paregabea egiteko aukera eskaintze dute” azaldu du waterpolo jokalaria den Iban Lantxok. Klubaren sare sozial profiletan izandako presentziaz gain, proiektua bere kaxa ere zabaldu da. Izan ere, hainbat kirolari zein waterpolo iruzkingile profesionalek beren profiletan eskegitzeari ekin diote. Gainera, gehienetan beraien originaltasuna azpimarratu dutela eta poztu da Hurtado. Horrez gain, ahoz ahozko hedapena ere nabaria izan da. “Lagun gehienek Tuentin ikusi dute, eta harrera indartsua egin diote” adierazi du Asier Altuna taldekideak. Kluba existitzen zenik ez zekitenek ere gustuko izan dutela gehitu du Lantxok. Bide batez, urtero gauza berriren bat  aurkeztea “polita” litzatekeela adierazi du Hurtadok, elkarlanetik jaioa, klubaren onerako eta kanpoaldean arreta bereganatzen duena.