2012/10/21

Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikak 7 urte beteko ditu

Maider LETURIAGA ANGOITIA
 
Datorren urriaren 31ean ZarauzkoPutzuzulo Amets Fabrikak bere zazpigarren urteurrena ospatuko. Hori dela eta, Xakela Gaztetxe Asanbladak egitarau zabala eskainiko dio herriari azaroko hilabete osoan zehar. Aurtengo lema garbi izan dute zein izango den bertako kideek: "7 urte, 7 pekatu, 7 bizitza... eta eredu bakarra autogestioa". Musika kontzertuak, bazkari herrikoiak, hitzaldiak, antzerkia eta beste zenbait ekimen eskainiko dituzte; "gure helburua herrira zabaltzea da, herri guztiari begira ekimen anitzak egitea" izan ziren Xakelako kideek asanbladan esandako hitzak. Horregatik, era eta mota guztientzako ekintzak ematen saiatuko direla berretsi zuten.
Puntu garrantzitsu bezela, auzolanaren garrantzia azpimarratu zuten gaztetxeko antolatzaileek. Putzuzulo okupatu zutenean izan zuten filosofia eta ereduari jarraituz, ezinbestekotzat jo baitute auzokideen partehartzea. Honen harira, urriaren 27an Zarauzko Poligono auzoko bolatokia deia luzatu die Xakela Gaztetxe Asanbladak.
Bestetik, zenbait ikastaro egiteko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek ere. Honela, azaroaren 13an "Olioa erregai" ikastaroa izango dute, eta azaroaren 15ean sendabelarren inguruko ikastaroa. Jakiek ere izango dute bere protagonismoa hilabetean zehar, honela hilabeteko lehen ostegunetarako duten ohiturei jarraituz jantoki beganoa izango dute bertara hurbiltzen direnek, baita etxeko zerbeza bereziak dastatzeko aukera ere. Ondoren, magia ikuskizuna eskainiko zaie afari giroa misterioz betetzeko asmoz.

"Haurrak ere gure egitarauan protagonismoa izatea nahi dugu - azpimarratu zuten asanblada kideek - horregatik, beraientzat ere egun berezia prestatu dgu antzerki eta txokolatadarekin". Bestalde, herriko musikari finenek ere urriaren 31ean euren talentua erakusteko aukera izango dute bertsio gabean; eta kantatzeko gogoz geratzen denak ere azaroaren 16an kantu afarira gerturatzeko parada ere izango du.

Kontzertuei dagokienez, honako talde hauek etorriko dira Amets Fabrikara, hurrenez hurren; Andoaingo InorenEro Ni post rock taldea eta Orioko Can't Explain taldea. Loretxu eta Fan & Go berbena taldeak; Criatura, Necesidad de Luchar, Bar Remigio eta BAF talde punk-hardcoreak; ElektroGaua festan zenbait DJ; Action Beat ingelesak eta Colin.L amerikarra, besteak beste.

Xakela Gaztetxe Asanbladako kideek, herritarrei azaroan zehar bertara gerturatzeko gonbita egin die herritarrei. "Eskaintza zabala ekarri dugu gurera, eta jende asko eta mota askotakoa gerturatzea espero dugu" esan zuten asanbladan. Esan bezela, urriaren 31ean hasiko den Putzuzulo Amets Fabrikaren zazpigarren urteurrenak azaroaren 25ean izango du bere amaiera.

Putzuzulo Gaztetxeko iazko urteurreneko irudiak

No hay comentarios:

Publicar un comentario