2012/09/18

EHUko Bizitzaren Basoan pintadak egin dituzte


Gorka LOPEZ ARANTZAMENDI

Euskal Herriko Unibertsitatean aurkitzen den Bizitzaren Basoan “graffitiak” egin zituzten pasa den abuztuan. Arrosa koloreko pintadak hildakoen omenez eginiko egituraren  eskulturetako bitan burutu ziren. 

Ikasleak haserre agertu dira: Nahiko sumindu nintzen, -adierazi du medikuntza ikaslea den Saioa de la Mazak- lehenengoko ikasketa egunetik erakusten da Bizitzaren Basoan dagoen jendeari esker prestaketa hobea jaso daitekeela, eta hori miretsi beharra dagoela”. Izan ere, gune horretan medikuntza zein erizaintza ikasleen praktikak ahalbideratzen dituzten gorpuen errautsak kokatu dira azken bederatzi urteetan. “Izugarrizko errespetu falta izan da” leporatu du Iratxe Txarterina erizaintza ikasleak.

Gune hau bereziki garrantzitsua da hainbat ikaslerentzat: “Horrelako egiturak oso urriak dira eta zaindu beharra daude” azaldu du Sergio Matos medikuntza ikasleak. Izan ere,  estatu mailan horrelako egitura bat duen lehenengoko unibertsitatea izan da EHU; eta bakarretarikoa oraindik ere mundu mailan. Ikasleek horrelakorik berriz ez gertatzea espero dute. “Irakasle zein ikasleon esker ona erakusten du Bizitzaren Basoak, -adierazi du Naia Agirre medikuntza ikasleak- eta jendeak hori begirunez tratatu beharko luke bertan zaindaririk egon ez arren”. 

Pintadak udako oporretan zehar margotu ziren arren, albistea bizkor zabaldu zen interneteko blog eta sare sozialen bitartez. “Medikuntzako hainbat ikasle horri buruz aritu ziren twitter-ean, eta hainbat klase-kidek WhatsApp-etik argazkia zabaldu zutenazaldu du de la Mazak. Aldi berean, Medikuntza Ikasle Elkartearen blogean gertakariaren berri eman zen abuztuaren 17an. Elkarteak adierazi zuenez Bizkaiko Campuseko errektore-ordea den Carmelo Garitaonandiak pintadak ezabatzeaz arduratuko zela hitz eman zuen. Garitaonandiak esandakoa bete izanaren berri jaso zuten duela pare bat egun ikasleek.


No hay comentarios:

Publicar un comentario