Gorka LOPEZ ARANTZAMENDI
Santutxuko Uztaldi gaztetxea utzarazi zuen ertzaintzak
pasadan ostiral goizean. 7:00ak aldera, heldu eta segituan, gaztetxearen
pertsiana adreiluz estaltzeari ekin zioten ertzainekin joandako langileek. Uztaldiko gazteak haserre zein sumindurik agertu ziren gertatu
denarekin. Izan ere, hamar urtez La Caixaren eskuetan, baina utzik
egondako lokalari erabilera eman ondoren, kalean utzi dituzte bideratzeke
zituzten proiektuak gauzatzeko tokirik gabe. Auzokideen artean ordea,
denetariko erreakzioak egon ziren.
“Ez ziguten
identifikatu gabe gaztetxe barruan zeuden gauzak biltzeko aukerarik eman, –
salatu zuen Uztaldin ohikoa zen Naia
Vivancok – eta argi dago datuok norberaren kontran erabil ditzaketela
etorkizunean”. Gauza horiek auzoarenak direla, eta ez identifikatu beharreko
norbanakoenak ere gehitu zuen Vivancok. Pertsiana estaltzeko lanek bi orduz
iraun zuten, eta Iñigo Manuel santutxuarrak adierazi zuenez egoera baketsua
baina tentsioz betea izan zen: “ertzainen jokabidea harroputza izan zen. Uztaldi aurrean zeuden gazteoi NINI deitzeaz gain, argazkiren bat atera
zutenei argazkiak ateratzeari ere ekin zioten”.
Vivancok azaldu zuenez, utzarazte aginduaren berri
irailaren bostean izan arren, ez zuten uste hain laster gauzatuko zenik. Hala
ere, Manuelen esanetan, protokoloa prest zegoen eta pertsiana estaltzearekin
batera 20:00etako manifestaldi bahimena eskatu zen. Horrez gain, 17:30etarako
Basarrate plazan asanblada informatibo deialdia ere egin zen. Manifestaldian
200 - 300 pertsona inguru bildu ziren. Bilboko auzo ezberdinetako jendea joan
zen horretara. Gertatutakoarekin, zein hainbat jabego pribaturekin ezadostasuna
adierazteko parte hartu zuela manifestaldian azaldu zuen Joseba Ugarte
moyuatarrak. “Gazte jendearen aisialdirako
alternatiba ona izateaz gain, jarrera konstruktiboa sustatu eta pijokerietatik
alde egiteko aproposak dira gaztetxeak” gehitu zuen Ugartek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario